XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta, ikaratu ez zitezen eta izu egon ez, bi hitzetan esan zien Enekok printzesa haiei zer gauza egin beharko zuten, eta biak banan-banan, sokaren medioz, gora jaso eta etsaiaren atzaparretatik betirako askatuak izan ziren.

Noski, Eneko leizearen barrenean bakarturik geratzean, halako zenbait kezka eta susmo txar barruntatu zituen.

Auskalo, baina bazitekeen bere bi lagun haiek, erregeak agindu bezala, dontzeila gazteak berentzat gutiziatzea! Nola nahi ere bada, hiru gudarietatik bata galdurik geratzen zen.

Nor hiruretan? Jakina, leizearen barrenean topatzen zena hondatu eta galtzea izango zen gauzarik errazena.

Edozein moduri begiratu arren, Eneko ezin egon zitekeen sosegu inola ere, eta hainbat gutxiago zeukan jakiterik goiko bere lagunek zer nolako asmo eduki zezaketen hura bera leize barrutik ateratzeko.

Leizearen erdi bideraino jaso eta gero soka askatu eta amilerazi edo zer edo zer besterik ere egin ziezaioketen.

Auskalo! Eneko ez zen bateretxo ere ilupa, eta berehala asmatu zuen nola obratu.

Aurrena, soka harri bati lotuko zion, eta berak barrutik sokari tira egiteko aieru egin ostean, agudo frogatuko zuen hark goikoen grina.

Hala, pentsaturik bezala obraturik guztia, harri handia erdi bidean zelarik, non behingoxean jaregin zioten eta amildu zen harritzar bikaina; burrunba galanta sortu zuen leizearen barrenpe orotan.

Enekorentzat, jakina, ez zuten balio izan sekula inoiz ere halako marro eta saldukeriek, eta bere lagun doilor haien aurkako samindura itsu eta gorroto bizia sentitu zuen bere baitan.